Skip to main content

Oronan nabigatzen ari zara Euskara (EU) Aldatu

Oronak Europan finkatzeko bidean aurrera egin du, taldekide berriekin

Hernaniko kooperatibak % 4,1 igo ditu salmenta-zifrak aurreko ekitaldiarekiko, eta goranzko joerari eutsi dio kontratazioan, laugarren urtez jarraian.

08 Api 2022

Oronak, Hernanin (Gipuzkoa) egoitza duen eta pertsonen mugikortasun bertikalerako soluzioetan Europako bosgarrena den taldeak, Bazkideen Urteko Batzarra egin du gaur Donostian. Anoetako belodromoan aurrez aurre egindako topaketan, 2021eko kontuak onartu dira eta egungo testuinguru geopolitiko zailari aurre egiteko lehentasun estrategikoak berrikusi dira.

Oronaren 2021eko zifrak

Konpainiaren salmenta-zifra 832 milioi eurokoa izan zen 2021ean, aurreko ekitaldiko emaitza baino % 4,1 handiagoa. Pandemiaren ondorio sozioekonomikoek eta hornidura-kateetako tentsioak markaturiko egoera konplexu batean lortu dira salmenta horiek, zeinean lehengaien, energiaren, logistikaren eta erdieroaleen gaineko prezioak igo egin baitira. Testuinguru zail horretan, 139 milioi euroko EBITDA lortu du Oronak, aurreko ekitaldietan baino handiagoa.

Gainera, 26,6 milioi euroko inbertsioak egin ditu ekitaldi honetan; hau da, iaz baino % 63 gehiago inbertitu du. Langile-kopuruari dagokionez, Oronak 5.507 langile zituen iaz urte-amaieran, eta kopuru hori handitu egin da laugarren urtez jarraian, krisia gorabehera.

Aitor Azkarate taldearen zuzendari nagusiaren hitzetan, “urtez urte konplexuagotzen den testuinguru globalaren aurrean, sinetsita gaude ezinbestekoa dela gizarte- eta enpresa-proiektu sendo eta lehiakor bat eraikitzen jarraitzea etorkizuneko erronkei irmo aurre egiteko. Testuinguru horretan, lehiakortasuna funtsezkoa izango da, berrikuntzaren eta eraldaketa digitalaren alde egindako apustuari eta gure langileen konpromisoari esker”. Lortutako emaitzei dagokienez, zuzendariak hau adierazi du: “oso positiboak dira; izan ere, 2021a ezohiko ekitaldia izan da, eta, hala ere, negozio-zifra eta kontratazio-maila handitzea lortu dugu, testuinguru soziosanitario zail batean, pandemiaren bigarren urtean, eta berraktibazio ekonomikoaren ondoren hornidura-kateetan egon den tentsioa gorabehera”. Azkenik, Azkaratek nabarmendu duenez, “taldearen egokitzapen- eta erantzun-gaitasunari esker, eta gure giza taldearen ahaleginari esker, ekitaldia benetan bikain burutu dugu, eta orain indartsuago gaude gero eta zorrotzagoa den ingurune honetan;  guztion konpromisoa funtsezkoa izango da etorkizuneko erronkei aurre egiteko”.

Orona UE 2030: taldea Europan finkatzea

2021eko ekitaldia beste urrats bat izan da Orona Europan finkatzeko, Espainiako Elco igogailu-taldea eta Poloniako Lift Rzeszów enpresa Orona taldean sartu baitira; horrez gain,  Orona GmbH eratu da Alemanian. Hala, 13 herrialdetan dago taldea, eta presentzia integrala du balio-kate osoko aktore gisa. Taldekide berri horiek, gainera, Orona UE 2030 proiektuaren barruan sartzen dira, zeinaren helburua baita urte horretan bertan 1.200 milioi euro inguruko negozio-zifra lortzea eta Europan 7.500 langile izatea.

Bestalde, apirilaren amaieran Orona Interlift-en izango da, Augsburg-en (Alemania), munduko igogailuen azoka nagusian. Oronak Orona Next aurkeztuko du, eta merkatuko segmentu guztietarako diseinatuta egongo den Oronaren produktu eta zerbitzuen plataforma berri horri buruzko xehetasunak emango ditu.

Gizarte- eta enpresa-konpromisoa

Bazkideen urteko batzarrean, kooperatibaren lana eta gizarte- eta enpresa-konpromisoa nabarmendu dira. Alde horretatik, Oronak bat egin zuen joan den uztailean NBEren Mundu Itunarekin, 2030erako bere emisio globalak erdira murrizteko eta 2050erako zero garbia lortzeko. Ekintza hori Climate Ambition Accelerator programaren parte da, eta nazioarteko erakunde horrek sustatu du klima-aldaketari aurre egiteko. 2006tik, taldeak Mundu Itunaren 10 printzipioekiko atxikimendua berresten du urtez urte, eta, hala, 2030eko Agendan zehaztutako Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) lortzeko ibilbide-orriarekin jarraitzen du.

Pertsonak hurbildu eta haien arteko distantziak laburtzeko xedeari helduz, Oronak bi eraikin enblematikotan egin duen lana ezagutzera eman nahi izan du. Alde batetik, Amare – Den Haag Herbehereetako hezkuntza- eta kultura-konplexurik handienean egin dituen instalazioak: azken belaunaldiko bederatzi igogailuz hornitu dira, eta Hagaren erdi-erdian dagoen eta dantza- eta musika-etxe gisa ezagutzen den eraikin horretatik igarotzen diren guztien mugikortasuna erraztuko dute igogailuok. Bigarren eraikina ESB (Electricity Supply Board) Irlandako konpainia elektriko nazionalaren egoitza nagusia da, Dublinen dagoena. 10 igogailu jarri dira han (6 sextuplexean eta 4 simplexean), eta guztiek dute Easyflow, Oronaren trafikoa kudeatzeko eta helmuga aurrez hautatzeko sistema, zeinak pertsonen joan-etorria errazten baitu, eta itxaronaldiak laburtzen.

Gizarte-kohesiorako duen konpromisoaren barruan, Orona Fundazioak lanean jarraitzen du bazterketa-arriskuan dauden kolektiboak barne hartzeko, eta tokiko kolektiboko parte izatearen sentimendua indartzen eta lotura sustatzen saiatzen da. Horren erakusgarri izan dira Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEaren proiektu solidarioari buruzko Aita Mari dokumentala ekoizteko egindako ekarpen ekonomikoa eta Hernani Rugby Elkarteko emakumezkoen rugby-taldeari emandako laguntza; talde horrek jende guztiari harrera abegikorra egiten dio, generoa, adina edo funtzionaltasuna kontuan hartu gabe.

Era berean, urte honen hasieran, Orona Fundazioak V. Baserritarron Laguna Saria jaso zuen, ENBA baserritar-elkartearen eskutik, Oronak elikadura jasangarria eta osasungarria kontsumo-ohituretan txertatzeko egiten duen lanaren aitortza gisa.

Oronari buruz

Orona enpresa-taldea liderra da Europan pertsonen mugikortasun bertikalean. Operadore global gisa, bezeroei balioa ekartzen die bere produktu eta zerbitzu integralen plataformaren bidez. Plataforma horrek soluzio tekniko berritzaileak eta pragmatikoak eskaintzen ditu, merkatuko segmentu guztietarako esanguratsuak direnak.

Pertsonekiko konpromisoa eta ingurumen-jasangarritasuna Oronaren balio-kate osoan daude txertatuta, eta banatzaile kualifikatuen sarera ere hedatzen dira. Haren ekoizpen-instalazioak igogailu oso gehien ekoizteko ahalmena dute Europa osoan; hain zuzen, Europan, 10 igogailu berritik 1 Oronarena da, 300.000 igogailu inguru dauzka instalatuta Oronak, eta urtean 30.000 ekipo ekoizteko ahalmena du.

Munduko 100 herrialdetan baino gehiagotan dago enpresa-taldea, eta 25 milioi pertsona baino gehiago garraiatzen ditu haien helmugara. 2021a ixtean, 832 milioi euroko fakturaziora iritsia zen.

Informazio gehiago:
press@orona-group.com  
www.orona.eus 

Itzuli gora