Europan finkatzeko bidea
Oronak 1.009 M€-ko negozio-zifra lortu du, eta Europan finkatzeko bidean aurrera egin du, taldekide berriekin. Kooperatibaren salmenta-zifra % 12,6 handitu da aurreko ekitaldiarekiko, eta 6.111 langile ditu.
08 Mai 2024
Oronak, Hernanin (Gipuzkoa) egoitza duen eta pertsonen mugikortasun bertikalerako soluzioetan Europako bosgarrena den taldeak, Batzar Orokorra egin du gaur. Orona Ideoren egoitza korporatiboan egindako bileran, 2023ko kontuak onartu dira, eta kooperatibak datozen urteetan izango dituen norabidea eta gako nagusiak bateratu dira.
Oronaren 2023ko zifrak
2023an, konpainiaren salmenta-zifra 1.009 milioi eurokoa izan zen, aurreko ekitaldian baino % 12,6 handiagoa, eta hori guztia lortu da munduan zenbait gatazka zeuden bitartean eta sozioekonomiaren ikuspegitik ezegonkortasuna nagusi izan den egoera batean. Oronak 6.111 langile zituen 2023aren amaieran, eta laugarren urtez jarraian egin du gora kopuru horrek.
Testuinguru zail horretan, hazkunde handia izan du Oronaren EBITDAk: aurreko ekitaldietakoa gaindituta, 143 milioi eurora iritsi da. Inbertsioak, berriz, 64,1 milioi eurokoak izan dira ekitaldi honetan.
Kooperatibak, testuinguru global gero eta konplexuagoaren aurrean, tinko jarraitzen du gizarte- eta enpresa-proiektu sendo eta lehiakor bat lantzen, etorkizuneko erronkei irmo aurre egiteko. Testuinguru horretan, lehiakortasunak funtsezkoa izaten jarraituko du, berrikuntzaren eta eraldaketa digitalaren alde egindako apustuari eta gure langileen konpromisoari esker. Batzar Nagusian, azkenik, azaldu eta azpimarratu da ezen lantaldeak egokitzeko eta erantzuteko duen gaitasunari eta egin duen ahaleginari esker ekitaldia bikain bukatzeko gai izan garela, eta horrek indartsu egiten gaituela ingurunea gero eta zorrotzagoa den honetan.
Orona UE 2030: taldea Europan finkatzea
2023ko ekitaldian, beste urrats bat egin da Orona Europan finkatzeko, enpresa batzuk taldera sartuta: Loire Ascenseurs eta Automatismes Fermetures d'Accès Frantzian, M.E.S Liften Herbeheretan, Scotec Lifts Erresuma Batuan, AK Aufzüge Alemanian eta Ascensores Valencia Espainian. Hala, 13 herrialdetan dago taldea, eta presentzia integrala du balio-kate osoko eragile gisa. Taldekide berri horiek, gainera, Orona UE 2030 proiektuaren barruan sartzen dira, zeinaren helburua baita urte horretan bertan 1.200 milioi euro inguruko negozio-zifra lortzea eta Europan 7.000 langile izatea.
Oronaren S.Coop.-en 60. urteurrena eta Orona Ideoren 10.a
Aurten, 60 urte beteko dira Orona S.Coop. sortu zenetik. Hori ospatzeko, ekitaldi instituzional bat eta jaiegun bat antolatu ditugu Oronako bazkide guztientzat.
Oronak sei hamarkadako ibilbidea ospatu nahi izan du, eta, horretarako, kooperatibaren historian zehar erakundeko kide izan diren pertsonengan jarri du arreta; pertsona horiek inplikazioa eta konpromisoa eskaini dute, eta belaunaldiz belaunaldi pasatzen den ondarea osatu. Oronak etorkizunari begira bizi du urteurren honen ospakizuna, Europan bere gizarte- eta enpresa-proiektua sendotzen jarraitzeko asmoz eta sinetsita pertsonak funtsezkoak direla kooperatibaren etorkizuna eraikitzen jarraitzeko.
Urteurren horrekin batera, Orona Ideoren 10 urteko ibilbidea ere ospatzen ari da erakundea. Berrikuntzara eta jasangarritasunera bideratuta sortu zen ekosistema hori, eta, gaur egun, ingurunearekiko irekiera eta harremana erakusten ditu argiro Orona Fundazioaren bidez; hala, Oronaren lankidetza-ereduaren sinbolo gisa finkatua dago.