Oronak Basque Ecodesign Centerrekin bat egin da
Orona erakunde bazkide bezala batu da Basque Ecodesign Centerrarekin, euskadiko industriaren arteko ekodiseinuaren agente sustatzaile nagusia.
14 Api 2016
Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak eta Basque Ecodesign Centerren enpresa sortzaileek lankidetza publiko-pribaturako beste hitzarmen bat sinatu dute joan den apirilaren 11an bederatzi klusterrekin, ekodiseinuaren bidez produktu eta zerbitzu berritzaileak garatzeko eta, hala, euskal enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzeko, barneko zein kanpoko merkatuetan.
Basque Ecodesign Center 2011n sortu zuten Eusko Jaurlaritzak eta CIE Automotive, Fagor, Gamesa, Iberdrola, Ihobe sozietate publikoa, Ormazabal Velatia eta Vicinay Cadenas enpresek. Geroago Euskaltel eta Eroski ere batu ziren.
Hitzarmen berri honi, ORONA-z gain, batu zaizkio: Euskadiko automobilgintza-klusterra, ACICAE; Ingurumeneko Industrien Euskadiko Kluster Elkartea, ACLIMA; Makina-erreminta Fabrikatzaileen Espainiako Elkartea, AFM; Energia Klusterra; Euskal Herriko Itsas Foroa; ekipamenduaren, zuraren eta diseinuaren sektoreko Kluster Elkartea, HABIC; Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Kluster Elkartea, HEGAN; Espainiako burdinbideen elkartea, MAFEX; eta Euskadiko mugikortasun eta logistika klusterra, MLC.
Gaur egun Euskadiko ehun enpresak baino gehiagok dute ekodiseinuaren kudeaketarako UNE-EN ISO 14006 arauaren araberako ziurtagiria, eta Espainia osoan ekodiseinuaren ziurtagiria duten enpresen % 47 dira. «Autonomia-erkidegoen artean, Euskadin daude ekodiseinu-ziurtagiria duten enpresa gehien. Hori dela eta, erreferente gara Europa hegoaldean arlo horretan», esan du sailburuak.
Gaur egun Euskadiko ehun enpresak baino gehiagok dute ekodiseinuaren kudeaketarako UNE-EN ISO 14006 arauaren araberako ziurtagiria, eta Espainia osoan ekodiseinuaren ziurtagiria duten enpresen % 47 dira.
Basque Ecodesign Centerren helburuak:
- EAEn ekodiseinua zabaltzea, ingurumena ekoizpen- eta kontsumo-kate guztian txertatuz, batik bat Euskadiko enpresa hornitzaileen artean.
- Erakundeetan ingurumenak lehiakortasun-faktore bezala duen garrantzia azpimarratzea.
- Produktuaren ekoberrikuntza-proiektuak sustatzea, enpresen, klusterren, Euskadiko unibertsitate-munduaren eta zentro teknologikoen arteko lankidetza bideratuz.
- Enpresen lehiakortasuna indartzea, ekodiseinuaren eta ekoberrikuntzaren inguruko punta-puntako ezagutzak haien eskura jarriz; hala, indarra hartzen ari diren merkatu berdeetan kokatzeko eta enplegua sortzeko aukera izango dute.
- Erreferente izatea Europar Batasunean, produktuaren ekoberrikuntzako eskualde aurreratu bezala.